Arratsalde on guztioi!
Sarrera honen bidez, azken bi aste hauetan egindako guztiari buruz hitz egingo dizuet. Ikasturtearen amaiera oso gertu dagoela nabaritzen da.
Lehen asteko ostegunari buruz aritu gara, eta denon artean komentatu dugu, banakako blogak izan behar duen bezala. Taldeko tutoretza egin dugu, eta hor bakoitzak zalantzak galdetzeko aukera izan du, eta prozesuari buruzko iritzia eman du.
Nire ustez, blogak gure eskoletan egunez egun egiten duguna deskribatzeko aukera ematen digu, hau da, eguneroko moduan balio digu eta gure ikaskuntza testuinguruan kokatzen laguntzen digu. Gainera, gure gogoetak jaso, gure irudimena hegan utzi eta gure pentsamendu kritikoa piztu dezakegun espazioa da.
Honekin guztiarekin, ideia zaparrada baten bidez arbelean bildu genituen gure blogean agertu beharko liratekeen zenbait kontu. Prozesu osoan zehar agertu diren ideiak ere badira.
Sortu ziren ideia asko denok genituen buruan. Denok egin dugu topo sortze prozesu berdina, eta pertsona bakoitzak modu batean bizi badu ere, ideia orokorrak asko errepikatu dira. Konfiantzaz, pazientziaz, gure beldurrez, emozioez, aurkikuntzez… hitz egin dugu.
Hausnarketa gisa, esan behar dut gehien errepikatu den ideietako bat denbora faltarena izan dela. Prozesuan zehar, batzuetan, oso estresatuta sentitu naiz eman behar genituen lan kopuruagatik eta presiopean sortu behar izatearen beharragatik. Hala ere, uste dut normala dela prozesuan zehar krisi-uneak egotea: argi pentsatzeko gai ez garen egoerak. Estres une horiek gainditzea da konfiantza hartzeko modurik onena, eta konfiantzarekin hausnarketa sakonagoak egin daitezke.
Lehen aste honekin amaitzeko, Alaitzek Hernan Casciariren bideo bat jarri zigun, "El móvil de Hansel y Gretel" izenburua duena. Beti telefono mugikorra existitu izan balitz literatura zein izugarria izango litzatekeen aipatzen digu egileak. Gogoeta eginarazten digu ezagutzen ditugun ipuin klasiko gehienek beren trama (ziurgabetasunaren emozioa) galduko zutela protagonistak sakelako telefono bat eduki eta mezu bat bidali izan balu.
Bost minutu inguruko bideo laburra da, baina entzulearengan (nigan behintzat) iratzartzea sortzen duena, gogoetarako jarrera harrigarria. Bideoak testuinguruaren garrantziaz pentsarazten dit. Istorio bakoitza testuinguruan kokatzen jakitea beharrezkoa dela uste dut. Ez da gauza bera gaur egun bizitzea duela 200 edo 300 urte. Gizartea eboluzionatuz doa, pertsonak aldatu egiten dira eta, beraz, komunikatzeko modua ere bai. Ez da txarra literatura aldatzea, baina kalitatezkoa izatea nahi badugu, testuinguruan kokatzen jakin behar dugu.
Bestetik, teknologia berriak erabiltzen ditugun moduari kritika ere egiten dio bideoak. Egileak (eta nik bere iritzia partekatzen dut), gure sakelako telefonoetatik burua altxatu ezinik gabiltzala uste du. Azaldu du gure bizitzan gertatzen diren beste gauza zoragarri asko galtzen ari garela, pantaila baten aurrean 24 orduz egotearen erruz. Gainera, aurrerapen teknologikoak gauzak gehiegi errazten dizkigula iruditzen zaio, "Zoriari ezer ez uztea" galarazten digula. Ez gara gai ziurgabetasunaren emozioa bizitzen jakiteko. Horregatik, "Heroi alferrak" garela dio.
Hurrengo asteartean, informatika gelara joan ginen. Alaitzek aipatu zigun ostegunean Oihanederrara joango ginela Edu Zelaieta eta Eneko Ugarteren arte garaikideko erakusketa bat ikustera. Aurretik elkarrizketa bat genuen bisita testuinguruan kokatzen jakin genezan. Blogaren beste sarrera batean esperientzia horri buruz hitz egitea garrantzitsutzat jotzen dut.
"¿No estaremos privándonos de aventuras novelescas por culpa de la conexión permanente?" (Casciari, 2015)
"¿Para qué hacer el esfuerzo de vivir al borde de la aventura?" (Casciari, 2015)
ERREFERENTZIAK:
Caciari, H. (2015, Azaroaren 16). El móvil de Hansel y Gretel. Hemendik berreskuratua https://www.youtube.com/watch?time_continue=6&v=eDAj_nW5YBY&feature=emb_title



No hay comentarios:
Publicar un comentario